XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta itz guzien ondoren, itz bakar bat entzuten degu erabatekoa, itz eta mintzo guzi aiek bakar biurtu balira bezela; eta azkenik, mintzo ua ixiltasun biurtzen zaigu: Jainkoaren ixiltasuna.

Baliteke, orain arte leitutakoak, apez usai haundiskoa izatea.

Baina, zaude trankil.

Gogokin eta azarri pixka batekin hartzen baduzu, atzenera ordu, ohartuko zara kontu hau ez dela eleiz usai hutsekoa.

Badakit neretzako lan gaitza dela, gai astun hau lantzeaz gain, zuri, Orixez iduritu txarra egina zauden irakurle horri, Nikolas Ormaetxea larru beteko gizona zela esaten ari beharra.

Halare, sarreran behintzat, ezinbestekoa ikusten dut, tarteka zuri hori gogoraraztea, Orixegana egokiro hurbil zaitezen.

Orainokoan ikusia dugunez, belarri dundak xorgortua, isiltasunera, federa, jotzen zuen Orixek.

Fedea, oi fedea! Ez dezaiegun esker aundirik eman, zu etzeran beste argitasuntxo oiei! Ortxe, fede orren ixiltasunean, irudipen guziak aldegiten duten ortan, margo eta kolore guziak lañotzen, desegiten eta itzaltzen diren ortan, ezagutuko degu Jainkoa, mundu ontan diteken bezela.

Itz bat bakarra egiten du Aitak, Semea; ixilik esaten du, ta ixiltasunean degu entzutekoa. Dio Gurutzeko Donibanek.

Bai arrigarri dala, Jauna, entzuteko zuk eman diguzun zentzu au! Ez eta bai ari nintzan batekin, begia baño areago ote zan. Ni belarriaren alde mintzatu nintzan, artzaikondo izaki. Nitun argibiderik oberenak ari eman ondoren, au esan nion azkenean: Belarritik fedea fides ex auditu. Zentzu au degu ernaiena lotan gaudenean; au degu esaneko Zure aginduetan. Ez ote da zentzurik oberena, otoitzerako ere?

Baña, zergatik egin diguzu berez ain lilluragarri, ain engañagarri?

Ikusten zaitut berriz ere, irakurle, hainbeste jainko eta fede hots entzutez nazkatuxea honezkero.

Baina, aurrera segi nahi bazenu, kontseju ttiki hauxe emanen nizuke: Jar ezazu, jainko hitzaren lekuan, iraultza, demokrazia, ekologia, edo beste zernahi hitz; edota fede hitzaren ordez poesia, dirua edo beste edozein hitz politt, eta segi aurrera.

Belarriaz Orixek egiten dituen gogoeta hauek ez baitira elizan bukatzekoak.

Hiztun eta entzule garen edozeinendako dira oso gogakizun baliagarri.

Orixe ohartua zizun, belarria oso liluragarri eta engainagarri zela.

Baina, elizan bezelaxe da belarria engainagarri, kale gorrian, tabernan, telebistan, paganoen biltzarrean, edota haragi grinezko orgiak egiteko gelarik lizunenean ere.

Ez dizut berriz esanen: buruan sartua dizuten aurriritzi ergel bategatik ez dezazula itsu itsuan bazterrera utzi gai honek zuretzako izan lezakeen interesa; behar bada, gaur Orixeren esanak entzuteak, bihar edo etzi, ez Orixerenak, ez nereak, eta ez beste inorenak entzutera ez jartzeko argitasuna eta indarra emanen baitizu.

Adi ezazu ongi behingoz: Esana da: ardi billa dabillanari dena zintzarri ots irudi zaio. Bein eta bietan baño geiagotan gertatua zait: trenaren begira egon geltokian, eta bost minutuz lenago nik garbi entzun, ustez, datorren trenaren kalaka.